XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina zergatik joan behar du gerraren Izarra duenak gizon santu baten atzetik?.

- Baina hori santua bada- esan zuen serio-serio Kimek -.

Benetan, hitzez eta egitez, santua da.

Ez da besteak bezalakoa.

Ez dut sekula horrelakorik ikusi.

Ez gara etorkizun-iragarle, ez azti, ez eskale.

- Zu ez zara.

Hori ikusten dut.

Baina ez dut bestea ezagutzen.

Ibili ederki dabil ordea.

Egunaren lehenengo freskotasunak lama urrats luze eta errazez ibilerazten zuen, gamelu baten moduan.

Bere meditazioetan murgilduta zihoan, errosarioren aleak oharkabean paseaz.

Lautada gurutzatzen zuen zeharbide hondatu eta pitzatu bati jarraitu zioten, berde iluneko mango plantazioen artean, Himalayaren marra arina, bere gailur elurdunekin, somatzen zelarik ekialderantz.

India osoa lanean ari zen zelaietan, ur-gurpilen kirrinka, gizonen oihuak abereen atzean eta jendetzaren zarataren artean.

Zaldiak ere somatu zuen eragin baikor hura eta ia ia arrapaladan hasi zen Kimek eskua hedeetan jarri zuenean.

- Kezkatu egiten nau santutegirako rupiarik eman ez izanak - esan zuen lamak larogeitabat aleetako azkena pasatzerakoan.

Soldadu zaharrak marmar egin zuen ahopetik, eta orduantxe ohartu zen lama aurreneko aldiz hura ere hantxe zela.

- Zu ere Ibaiaren bila al zabiltza?- galdetu zion, jiratuta.

- Hasi berria da eguna - izan zen erantzuna.

Zertarako behar da Ibaia, ez bada abereak arratsa baino lehen bertara eramateko?.

Errepide Handirako bide labur bat erakustera etorri naiz zuekin.

- Hori gogoan izateko kortesia da, borondate oneko zaren hori.

Baina zergatik daramazu ezpata?.

Handia izatera jolasten harrapatu duten umea bezain lotsatuta zirudien soldadu zaharrak.

- Ezpata - esan zuen, burdina ukituz.

Hori burutapen bat baino ez da izan, agure baten burutapena.

Egia da polizien aginduen arabera ez duela inork ezpatarik erabili behar Indian, baina piska bat zuzpertu eta kirtena ukitu zuen, ederki ezagutzen naute hemengo guardia guztiek.